ALBISTEAK

 

Gatazkako hainbat hamarkadatan bizia galdu duten hainbat militante abertzaleren senideek haien minari buruz hitz egin dute. Ireki berri den aro berria itxaropenez begiratzen diote, eta sufrimendurik gabeko etorkizun bat opa diote herri honi. Horregatik ireki berri den aro politiko berriari bultzada ematea beharrezkotzat jo eta larunbatean Miribillara joateko dei egin dute.

Agerraldian, hildako hamairu pertsonaren senideek parte haien izenean hitz egin dute. Agiria irakurri du orain 50 urte hildako Txabi Etxebarrietaren ilobak, Aitziber Ibaibarriagak, eta Xabier Rey gatazka honek ekarri duen azken hildakoaren arrebak, Maite Reyk.

"Sufrimenduak sendatu eta guztien eskubideak errespetatuko diren aro berri baten alde, bidean hil diren militanteen senideok, galdu ditugun haiek ekarri gaituzte hona, haiengatik batu gara hemen. Maite genituelako eta maitasun horretan zaurituta bizi garelako batu gara. Maite genituen eta maite ditugun haiengatik ere bizi behar baitugu.

"Ez dugu sufrimenduaren aldarririk egiten, sufrimendua ez delako gure ezaugarri, ez dugulako sentimendu mingarri horren jabetza esklusiborik nahi, baina ez dugu isildu nahi, sufritu dugula eta mina guregan daramagula ozen esan baizik. Sufrimendu hori isilarazi nahi baitigute, eta guri sufriarazi digutela eta sufriarazten digutela ez dute onartzen, ez dute aitortzen. Oinazeak batu gaitu askotan eta oinazeak batzen gaitu gaur ere, elkarrengana batu beharra dugulako gure zauriak sendatzeko. Bai baitugu zer sendatua.

"Hamarkada askotako historia luzean sufrimendu handiaren zama garraiatzen du herri honek, etxe askotako sufrimendua delako, senide askorena, lagun askorena, auzotar askorena. Aitortzen ez dutelako handitzen da sufrimendu horren zama, eta ez dugu nahi sufrimenduz zamatutako etorkizunik gure herriarentzat, gure ondorengoentzat. Etorkizun hobe baten desioak ere batzen baikaitu.

"Iragana ahazteko asmorik ez dugu ordea, geurea delako iragan hori, baina geroari begira eman nahi ditugu urratsak. Ibilaldi politiko bati amaiera eman eta geroari begira ziklo berri bat bultzatzeko pausoak egin ditu herri honek, geroa zain dugulako, gero hobe bat amestuz hil zirelako gure hurkoak, saminez maite ditugun hurkoak. Joandakoen ametsak amesteak ere batzen baikaitu.

"Ez dugu gehiago sufritu nahi; ez dugu nahi gure herrian inor gehiagok sufritzerik; sinisten dugu herri honen gehiengo handiaren desioa dela gehiago inork ez sufritzea.

"Zoritxarrez, gaur egun, ez dago hildako berririk egongo ez den bermerik, eta azken hau gure azalean oraintsu jasan egin dugu. Herri honek espero du, herri honek behar du Xabier Rey bizi dugun gatazkaren azken hildakoa izatea. Gu geu, gure eskuetan dagoen guztia egiteko prest gaude horrelakorik gerta ez dadin.

"Horregatik txalotzen ditugu aro berria irekitzeko norabide horretan eman diren urratsak eta zentzu horren inguruan batu diren guztien asmoak. Sufrimendu gehiturik gabeko gizarte baten itxaropena ematen digulako horrek etorkizunerako. Etorkizun hobe baten itxaropenak ere batzen baikaitu.
Eta guztion itxaropen horren baitan, gure maiteen ametsak eta ilusioak denon artean batuta berpiztu nahi ditugu larunbatean, Bilboko Miribilan. Herri gisa etorkizuneko euskal estatu aske, justu eta duina erdiesteko ametsa egikaritze bidean jarriko dugu Miribilan. Merezi zutelako, merezi eta behar dugulako.

"Beraz, elkar gaitezen denok Miribilan, etorkizun justu eta hobe baten desioak ere, batzen bait gaituelako!".

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.