ALBISTEAK

Larunbatean SORTUk 'Baietza Sortzen' goiburupean eskainiko duen ekitaldiak aro berriari bultzada eman nahi dio Euskal Herrian. Nazioartetik etorritako askapen mugimenduetako ordezkaritza zabal batek babesa eta sustengua emango dio bultzada berri horri. Elena Beloki SORTUko Kontseilu Nazionaleko kidearen esanetan, “ezker abertzaleak ziklo berri bati hasiera emango dio Euskal Herrian eta Nazioarteko aliatuen eskutik”.

ETAren amaiera eta gure herrian ireki den aro berria nazioarteko testuinguruarekin erabat lotuta daude, eta ezin da bata eta bestea gabe ulertu. Nazio askapen mugimendu gehienek geurearen antzeko trantsizio prozesuak bizi izan dituzte edo bizitzen ari dira. Baina prozesu horiek guztiek bide ezberdinak segitu dituzte. Ez daude bi prozesu berdin. Bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, bere bertute eta akatsekin. Baina elkarri begiratzen diote, eta elkarri lagundu ere. Era honetan, Salvador, Hego Afrika edo Irlandako bake prozesuak, beste batzuekin batera, erreferente bilakatu ziren gure herrian eta gugan eragin politiko handia izan zuten.

Egun, nazio askapen mugimendu horietako gehienak mundu justu eta duin baten aldeko borrokan jarraitzen dute. Badira bide horretan aurrera pauso nabarmenak ematea lortu dutenak: botere politiko maila gorena eskuratu dute eta lideratzen duten gobernuaren bidez, jendarte justu eta ekitatiborantz urratsak gauzatzen ari dira: Uruguay, Korsika, Irlanda, Hego Afrika edo eta Salvadorrekoak horien adibide dira. Haien esperientzia eta lekukotza bereziki garrantzitsua da guretzat eta gurekin izango dira datorren larunbatean Bilbon. Rosa Luxemburgo, Nelson Mandela, Pepe Mujica edo Lucia Topolansky, Martin McGuinness, Angela Davis, Leila Zhana , Jean-Guy Talamoni eta beste asko dira gure iraganeko, egungo eta etorkizuneko erreferenteak, lagunak eta kideak.

Euskal Herriko nazio askapen mugimenduaren urte hauetako guztietako jarduera ezin da nazioarteko testuinguru politikotik at ulertu. 50, 60 eta 70. hamarkadetan askapen mugimendu iraultzaileen indartze bat eman zen munduko bazter askotan, Kuba eta Argeliako iraultzak erreferente bilakatu ziren mundu osoan, baita Euskal Herrian ere.

Salvador, Irlanda, Hego Afrika, Sahara, Korsika, Uruguay, Kolonbia eta abarretan nazio askapen mugimendu erreferente eta indartsuak jaio ziren orduan, eta testuinguru horretan kokatu beharra dago Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren sorrera ere. Ezker Abertzalea ez zen lehena izan, gure ondoren ere beste batzuk etorri ziren bezala. Mugimendu eta borroka horien guztien helburu nagusia askapen nazional eta soziala lortzea da.

Bake justu eta iraunkorraren lortzeko bidean ere ez gara lehenak izan, gure aurrean beste batzuk aritu ziren eta gure urratsei beste batzuk ere jarraituko diete .

Beste herri batzuk ordea baldintza latzak pairatzen ari dira : Urte hauetan guztietan gure lagun izan diren Sahara, Kurdistan eta Palestinako herriak aipatu behar ditugu bereziki. Herri horietako nazio askapen mugimenduek behin eta berriro elkarrizketa eta akordioan oinarrituriko konponbide prozesuak hobetsi dituzten arren, gaurdaino jaso duten erantzuna ez da beharko lukeena izan. Gurekin izango dira hauek ere.

Aste eta egun hauetako gertakari larriak kontuan hartuz, Palestinar herriaren egoera gogora ekarri behar dugu bereziki, Israelen jokabidea salatu eta Palestinaren herriarekiko elkartasuna adierazten dugu. Larunbatean Palestinar ordezkaritza bat izango dugu gurekin Miribillan eta ekitaldia, Herri honek bere askatasunaren aldeko borrokarekiko gure babesa, elkartasuna eta begirunea adieraztekobidea izango dugu.

Larunbatean gurekin ondorengo herrialdeetako burkideak izango ditugu: Uruguay , Nikaragua ,Salvador, Sahara, Kurdistan, Palestina, Kolonbia, Korsika, eta Irlanda.

Guztien izenean, Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbladako lehendakaria eta Michelle O’Neill, Sinn Fein alderdi errepublikarraren lehendakari ordeak hitz egingo dute jendaurrean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.