ALBISTEAK

SORTUk 'Baietza Sortzen' ekitaldi nazionala egingo du maiatzaren 19an Miribillako Bilbao Arenan, ireki berri den aro berriari bultzada emateko. Ekitaldiaren aurkezpena gaur eskaini du SORTUk. Bertan, hainbat belaunalditako ezker abertzaleko kideak izan dira: Miren Zabaleta, Iñaki Olalde, Eneko Aldana, Lur Albizu, Itziar Aizpurua eta Ibon Arbulu. Ezker abertzaleko gainerako kideei dei egin diete Miribillara joan daitezen.

ETAren desagerpenak testuinguru berri bat ireki du Euskal Herrian. Bukatu da erakunde horren ibilbidea eta ETArik gabeko garaian sartuak gaude dagoeneko. Batzuek itsu eta gorrarena egin nahi badute ere, ETA desagertu da eta etorkizunari ate berri bat zabaldu dio. Etorkizun horrek elkarbizitza eredu demokratikoan oinarrituta egon beharko du eta Euskal Herria demokratizatzeko pertsona guztiek eskubide guztiak izan beharko dituzte. Horrez gain, herri honek bere etorkizunari buruz galdetua izateko eskubidea ere izan beharko du.

ETA desagertu ondoren, aro berri batean kokatu da herri honen honen askapen prozesua. Egindako lana gogoan, ezker abertzaleko gizon eta emakumeok etorkizun berri hori eraikitzeko gure konpromisoa berresten dugu.

Geurea herri bizia da, amets egiten dutena, aspirazioak dituena. Aspirazio horiek izateko eskubidea urratzeko tentazioa dute batzuek. Baina guk lanean jarraitu nahi dugu pertsona librez osatutako jendarte librea lortzeko.

Zergatik eman behar diogu bultzada aro berri bati? Etorkizuna parez pare irekia izan nahi dugulako; bultzada berria behar dugulako; bake osoa, iraunkorra eta justua lortu nahi dugulako; eta baita ere, herri gisa askapen nazional eta sozialean aurrera egiten jarraitu nahi dugulako.

Aro berri bat Euskal herriko herritarrek eta bereziki herritarrek eraiki duten egoera da. Ezker abertzaleko gizon eta emakumeok gure konpromisoa eta aurrera begirako erronkak jarri nahi ditugu mahai gainean.

SORTUk dei egin die ezker abertzaleko gizon-emakume guztiek bat egin dezaten etorkizuneko konpromisoak eta ilusioak eraberritzeko. Bide horretan, maiatzaren 19an, 'Baietza Sortzen' goiburupean ekitaldi jendetsua egingo du Bilboko Miribillan (Bilbao Arena), 17:30etik aurrera. SORTUko Miren Zabaleta bozeramailearen esanetan, “Baietza Sortzen jarraituko dugu, aukerak irekitzen. Borrokarako konpromisoa eta ilusioa eraberrituko ditugu”, adierazi du.

Historikoki ezker abertzalearen ondoan egon diren munduko zenbait askapen mugimendutako ordezkariak etorriko dira, hala nola, Sinn Fein eta Corsica Liberako zuzendaritzetako kideak.

 

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.