ALBISTEAK

 

Lehenik eta behin, txalotu egin nahi ditugu urrats historiko hau ahalbideratu duten Euskal Herriko zein nazioarteko eragileak. Haien inplikazioa erabakiorra izan da oztopo eta zailtasun guztien gainetik prozesua bururaino eramateko; baina batez ere, esan nahi dugu harro gaudela Euskal Herriaz, gure jendartea izan baita gertaera honen protagonista nagusia. Ezohiko euskal konponbide prozesu hau gure herriaren sormenaren eta adorearen adierazpena da, eta argi dago gaitasun honek etorkizun hoberako aukerak irekitzen dituela, gure jendartearen heldutasunaren neurria erakutsiz.
ETAren erabakiaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. ETA desagertu da. Agiria argia da: ez du inolako zalantzarik uzten. Bukatu da, beraz, erakunde horren ibilbidea eta ETArik gabeko garaian sarturik gaude dagoeneko, batzuek iraganera kateatuta, itsu eta gorrarena egin nahi badute ere. Gaurtik aurrera inork ezin du ETAren jarraipenaren aitzakia erabili bere ardurei ihes egiten jarraitzeko. Iritsi da, honenbestez, hainbeste urtetan agindutakoa gauzatzeko unea; iristi da nork bere ardurei eusteko unea. ETArena ez da indarkeria politiko bakarra, eta, urrats honen ondorik beste guztiak ere betirako desagertu behar dira.
ETAk bere jarduera armatuak sortutako min eta kalteen ardura bere gain hartu du, biktimekiko errespetua adieraziz. Berriro ere azpimarratu nahi dugu jarrera horren balioa eta, gure aldetik, berresten dugu behin baino gehiagotan adierazi duguna: gure aitortza gatazka honetan kaltetuak izan diren pertsona guztiekiko, ahal den neurrian erreparatzeko determinazio irmoarekin eta indarkeria politiko oro behin eta betirako desager dadin lan egiten jarraitzeko konpromiso erabatekoarekin batera.
ETA desagerturik, lehentasunezkoa da konponbidea aurrera bultzatzea. Elkarbizitza eredu demokratikoa eraiki behar dugu euskal herritar eta eragile guztion artean, inor baztertu gabe, egitasmo politiko guztiak baldintza eta aukera berdinetan kokatuz. “Pertsona guztiak, eskubide guztiak” printzipioan sakontzen indar egin nahi dugu Ezker Abertzaleko kideok.
Ildo horretan, urrats esanguratsuak eman behar dira lehenbailehen presoen, iheslarien eta deportatuen aferaren kudeaketan nahiz salbuespen neurri guztiak gainditzen, eta, mugarri hauetatik harago, bidea ireki behar da gure herriak aske erabaki dezan bere etorkizuna. Bada, beraz, Euskal Herria demokratizatzeko, eta bestela esanik, pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko garaia.
Gaur eta hemen, Ezker Abertzalea Euskal Herria independente, sozialista, feminista eta euskalduna demokratikoki eraikitzeko hautu estrategikoan berresten da. Aro berri batean sartzen da euskal askapen prozesua, eta herritar askeen herri askea lortzeko helburuari lotzen gara indarberrituta, bidean gelditu diren lagunak eta egindako lana gogoan.
Mezu berezia bidali nahi diogu une historiko honetan ezker abertzalearen komunitateari, borrokan eta lanean jarraitzeko deia eginaz, erronka berrien araberako konpromisoa erakutsiko dugula
aldarrikatuz.
Garai berrian gaude, eta Ezker Abertzaletik gure onena emateko unea dela uste dugu, pertsona, militante eta antolakunde bezala, orain artean bezala, herria helburu jarriz.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.