ALBISTEAK

Apirilaren 12an gure kide Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin epaituko dituzte Madrilgo Kontu Epaitegian. Zergatik? Errauskailua geratzera ausartzeagatik. PNVk ez du bere negozioa zalantzan jarri izana barkatzen, eta eskarmentu bat eman nahi du, haragiarekin kobratzen den zigor horietakoa, gainera; errauskailua herri-borondateak geratu bazuen, atrebentzia horren bidesaria hezur-haragizkoak diren Intxaurrandieta eta Errazkinek ordaintzea nahi baitute.

EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzen egondako garaitik irakasgai asko atera ditugu, baina bada bat bereziki izugarria iruditzen zaiguna: botere ekonomikoaren interesak ukitzen dituzunean gogotik ordainarazi nahiko dizute. Irakasgai horren bi adibide argienak Bidegirena, Larraitz Ugarteren azalean, eta errauskailuarena izan dira.

EH Bildu ez da, beste alderdi batzuk bezala, instituzioetara establishmentaren lagun izatera joan. EH Bilduren helburua justizia sozialean oinarritutako eraldaketa burutzea da eta horretarako, politikari ustel, komunikabide handi eta eraikuntza- zein finantza-gizon ahalguztidunen aurrean, duen arma bakarra erabiliko du: herri-borondatea eta hartan sinesten duten gizon-emakumeen lana.

Errauskailuaren kasua horixe izan baita: inork nahi ez duen baina gutxi batzuentzat negozio itzela baino ez den azpiegitura gelditzeko adorea eduki izana. Eta ez izan zalantzarik, bide hori urratuta, EH Bilduk aurrera jarraituko du, energia, elikadura, ur, garraio, etxebizitza, hezkuntza, osasun edota beste edozein gaitan herritarren interesak defendatzen, Intxaurrandieta eta Errazkin kideek erakutsitako zuzentasuna partekatzen duten beste milaka zinegotzi zein herritarrok osatzen baitugu EH Bilduren proiektu politikoa. Horrexegatik, eskerrik asko egin duzuen lanagatik eta ez ahaztu milaka garela zuen atzean tinko!

Apirilaren 15ean, 12:30ean EH Bilduk Azpeitian antolatu duen elkartasun-ekitaldian izango gaituzue beste herritar askorekin batera.

Jone Etxeberria

Haimar Altuna

(Gipuzkoako SORTU)

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.