ALBISTEAK

Dolu uneak dira. Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoaren heriotzak atsekabez bete gaitu. Era berean, gogoeta egiteko unea ere bada, Antxoren heriotza ez baita naturala izan.

Xabier Rey atxilotu zutenean, gogor torturatu zuten. Urrundua zuten, etxetik 1.000 kilometrotara. Isolamenduan zuten, lehen graduan, 22 orduz ziegan. Bere tortura hamar urtez luzatu dute.

Heriotza honek izen abizenak dauzka: salbuespeneko espetxe politika eta Alderdi Popularra. Xabier ez da hil. Xabier hil egin dute.

Ezker Abertzaleak jakin badaki heriotza hau saihestu zitekeela. Alde batetik, torturapean lortutako autoinkulpazioen ondorioz zigortu zuten Rey. Beraz, ez zuen kartzelan egon behar. Bestetik, politika penitentziarioa egokitu balitz, dagoeneko 3.en graduan egon zitekeen, baimen bidez ateratzen. Eta ziurrenera, ez zukeen egingo egin duena. Desesperazio ekintza bat baita egin duena. Infernu horri ihes egiteko modu bakarra.

Hori guztia dela eta, Ezker Abertzaleak exijitzen du torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarritutako sententzia guztiak errebisatzea. Era berean, politika penitentziarioaren amaiera exijitzen dugu. Bide-orri bat adostea planteatzen dugu, lehenbailehen bukatzeko urrunketarekin eta lehen graduarekin. Salbuespeneko legedia honek amaitu behar du. Izan ere, legedi arrunta aplikatuta, justizia trantsizionalean oinarritutako neurrien bidez presoak kaleratzeko aukera egon badago. Zeren eta ez dago normalizazio politikorik, ez dago soluzio justu eta iraunkorrik ehunka preso dauden artean.

Hemen biolentzia asko egon dira, biktima asko. Baina Estatuaren biolentziak jarraitzen du. Antxo Estatuaren biolentziaren biktima horietako bat dugu. Ez dugu biktima bakar bat gehiago ere nahi. Jakin badakigu saiatzen ari direla errelato bat inposatzen, garaileena eta garaituena, justuena eta injustuena, onena eta txarrena. Horregatik argi diogu: oinarri horien gainean ez dago soluzio justu eta iraunkor bat eraikitzerik. Dei egiten diegu eragile guztiei arduraz joka dezaten; ez dezatela biktimen eta elkarbizitzaren esparrua erabili konfrontazio politikorako.

Antxo lasai agurtzen utz diezagutela eskatzen dugu. Alderdi Popularrari eskatzen diogu, bizirik direnak errespetatzen ez dituenez gero, errespeta ditzala gutxienez hildakoak. Utz diezagutela bakean eta duintasunez agurtzen.

Gaur iluntzerako herri eta auzo guztietan mobilizazio deia egiten du ezker abertzaleak. Bereziki Iruñeko Donibanen 20:00etan egingo den mobilizaziora dei egiten dugu.

Larunbatean, hilaren 10ean, 17:00etan Golem zinemetatik abiatuko den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egiten dugu.

Horrez gain, PP ez beste eragileekin harremanetan jartzea aurreikusten dugu, ekimen instituzional edota sozial bateratuak burutzeko, urrunketaren kontra, politika penitentziarioaren kontra.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.