ALBISTEAK

SORTUk bat egiten du Martxoaren 8rako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba deialdiarekin eta bere aldarrikapenekin. Martxoaren 8a emakumeek jendarteari egiten dioten ekarpena bisibilizatzeko eguna izango da. Emakumeek pairatzen duten egiturazko zapalkuntza salatzekoa. Emakumeen aurkako biolentzia eta diskriminazio oro amai daitezen exijitzekoa.

M8ko deialdia testuinguru berezi eta esanguratsuan dator Euskal Herrira. Espainiar Erreinuan inboluzio egoera nabarmena bizi dugu ikuspuntu demokratikotik, politikotik zein sozialetik. Langile eta herri sektoreen aurkako erasoaldi neoliberala ari da gertatzen, bertako batzuen laguntzaz, eta hori modu berezian ari zaie eragiten emakumeei. Ongizate mailan ematen ari den atzeraldiak, murrizketa politikak eta erreforma atzerakoiak modu oso kaltegarrian ari zaie eragiten sektore prekarizatuenei eta ikustezinei. Eta badakigu sektore horietan lan egiten dutenak batez ere emakumeak direla. Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu indikadoreek adierazten duten pobreziaren feminizazioa.

Inboluzio sozialarekin batera inboluzio politiko/territoriala ere ematen ari da, autogobernuaren hustuketarekin errekurtsoz errekurtso. Madrilekiko eta PPrekiko dependentzia horrek, Euskal Herrian politika alternatiboak egiteko ahalmen eskasia areagotzen du. Beraz, SORTUren ustez, M8a Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzeko eguna ere bada, gauza jakina baita burujabetza horrek emango lizkigukeen botere eta tresna politikoak ezinbestekoak zaizkigula jendarte honen despatriarkalizazioa bultzatu eta sexuen arteko parekidetasuna lortzeko, politika sozial aurrerakoien bidez, berdinen arteko Euskal Errepublika ipar izanda. Ezinbestekoak zaizkigu, esaterako, lan harremanen euskal esparrua eta erabaki ahalmen osoa arlo sozial eta laboralean, lan baldintzak hemen finkatu eta sexuen arteko soldata arrakalarekin amaitu ahal izateko. Halaber, ezinbestekoa zaigu erabaki ahalmen osoa hezkuntzaren eta kurrikulumaren alorrean, hezkuntza eredu hezkidetzaile bat eraiki ahal izateko.

Horrenbestez, Martxoaren 8an Euskal Herriko kaleak eta plazak sakoneko aldaketa politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen duten gizon eta emakumez betetzeko dei egiten du SORTUk, HERRItmoa BIZItuz. Eta M8tik harago, egunero-egunero emakumeen aurkako edozein diskriminazioren kontra eta parekidetasun osoaren alde borrokan jarraitzeko dei egiten diegu euskal herritar orori.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.