ALBISTEAK

EPPK-k kartzelak husteko hartu duen bidean, Bilboko kaleak bidelagunez bete nahi ditu SORTUk larunbat honetarako. Zenbat eta gehiago, hobeto. Izan ere, herri-akordioak eta -mobilizazioa behar-beharrezkoak dira bi estatuen posizioa aldarazteko eta presoen afera behin betiko konpontzeko.

Ezerk aldaraztekotan, herri-akordioek eta -mobilizazioek aldaraziko dituzte estatuak. Abenduaren 9an Parisen egindako mobilizazio jendetsuak azaleratu zuen gaia premiaz argitzeko beharrarekin bat datozela gizarte anitz honetako sektore asko. Frantziako gobernuarengan eragin nabarmena izan du. Ipar Euskal Herrian lortutako adostasun politiko eta sozial zabalari esker lortu da hori guztia.

2017ko udaberrian armagabetzea bururaino eraman ondoren, 2018. urte honek euskal preso politikoen etxeratzea ahalbidetuko duen bide-orria adosteko urtea izan behar du Hego Euskal Herrian. Bide-orri horrek bi urrats aurreikusten ditu hasieran: gaixotasun sendaezinak dituzten presoak eta larri daudenak etxeratzea batetik eta urrunketa eta sakabanaketa amaitzea bestetik.

Bakean eta bizikidetzan oinarritutako agertoki bat eraikitzeko, ezinbestekoa da presoen afera lehenbailehen konpontzea. Horregatik, konponbidearen aldeko borondate anitzak bildu eta ados jartzea ezinbestekoa da. Sarek deitutako manifestazioak balio behar du helburu horrekin bat datozen eragile politiko, sozial, sindikal eta instituzional guztien arteko adostasuna lortzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.