ALBISTEAK

Azken asteek Nafarroak bizi duen Aldaketa prozesuaren zailtasun eta kontraesanak erakutsi dituzte, Nafarroako Gobernuak hezkuntzako Lan Eskaintza Publikorako zerrenda bakarra eratzeko asmoa dela medio. Aldaketaren gobernuko laukoaren partaide den Izquierda-Ezkerrak bere kontrakotasuna ageri du, Erregimenarekin lerratuz. Podemosek ez du bere jarrera zein izanen den publikoki zehaztu.

Gauzak horrela, gerta zitekeen I-Eren jarreragatik zerrenda bakarreko oposaketak galaraztea, Erregimenari Aldaketaren porrot bat oparituz eta -benetan larria dena- milaka euskaldunok belaunaldietan pairatu dugun bazterkeria indartuz. Argi gera dadin, zerrenda bakarra oposaketako hautagai euskaldunak ez baztertzeko bide bakarra da eta, beraz, gatazka hau eskubide demokratikoen alorrean kokatu behar da.

Gertaera hauen aurrean Abenduaren 6an I-Eren egoitzaren aurrean protesta burutu zuen LABek, zerrenda bakarrak hezkuntzako gehiengo sindikalaren sostengu osoa duela oroitaraziz eta I-Eren kontraesanak azalduz (Poliziaren Legearen aurkako bozka alorreko gehiengo sindikalaren kontrakotasunean oinarritu baitzuten, besteak beste).

Euskararen Gizarte erakundeen Kontseiluak Nafarroako Gobernuari babesa adierazi dio eta manifestazioa deitu du, heldu den larunbaterako. Horrela, euskalgintzak ALDAKETAren alde berriro mobilizatzeko aukera bat eskaini digu eskubide berdintasunean sinesten dugun guztioi.

Jendarte aldaketak herriaren etengabeko hauspoa eta babesa behar –eta beharko- duelako, larunbatean denok kalera!

Abenduaren 16ean, 12:00etan, Autobus Geltoki zaharretik, Euskaraz Bizi Nahi Dugu!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.