ALBISTEAK
Euskara eta euskal estatua, izango dira ala ez dira izango

Zuriñe Gojenola Goitia SORTUko Kontseilu Nazionaleko kideak idatzi plazaratu du Euskararen Egunaren harira:

Titular nahasgarria? Euskarak honezkero soberan ditu diskurtso epelak zein politikoki eraginkorrak ez direnak, ilargiari begiratzeko intentzio txikienik ez duten begirada murritzak. Herri honek euskalduntze fase berri bat ireki behar du eta horretarako anbizioa eta tinkotasuna behar dira; baita artikulatzaileak izango diren jarrera eta diskurtso berriak ere.

Abenduaren 3a da, Euskararen Eguna EAEko egutegian. Nafarroan Nafarroaren Eguna da, baina iaztik, Aldaketaren Gobernuaren etorreratik, baita Euskararen Eguna ere –sikiera, herri hau zentzu pittin bat berreskuratzen hasi da!–. Baten batek gaur euskararen inguruan predikatzen dugun guztioi demagogia egitea leporatuko digu, euskarak 365 egun dituela aurpegiratu, eta euskarak urtean behineko laudorioak baino urte osoko ekintzak behar dituela. Erabat ados! Beraz, hitz aspertuak kanpora eta berba egin dezagun egitekoez. Egitekoez bai, baina dagozkionarentzat, tranparik gabe, ehun kiloko motxila herritarren bizkar gainean utzi gabe.

Euskararen geroaz aritzeko hiru ideia gako nabarmendu nahi nituzke. Lehena, euskararen etorkizuna erabat lotuta dago herri honen etorkizun politikoarekin, batak bestearekin egingo du aurrera elkar elikatzen diren prozesuak baitira, banaezinak. Bigarrena, globalizazio uniformatzailearen aurrean euskal estatua eraikitzeko indargunea eta aukera da euskara. Hirugarrena, herri gogoak jarriko du euskara dagokion lekuan! Sakon dezadan hiru ideiotan banan-banan.

Bat. Euskara ezin bereiz daiteke herri honen prozesu politikotik; are gehiago, euskarak estatua behar du. Euskal Herrian asko izan dira euskara politikatik erabat kanpo uzteko saiakerak. Baina gauza bat da euskara tentaldi partidistetatik at utzi behar dela esatea eta beste bat, guztiz ezberdina, euskara politikatik atera behar dela aldarrikatzea. Haatik, euskara berriro erdigune politikora eramateko ardura daukagu, abagune politikoaren ardatzak identifikatu eta horietan lehen lerroan jartzekoa; eta euskarak, sendotze eta hedatze prozesu berrietarako, estatu egituren babesa behar duela konplexurik gabe esaten hastekoa.

Bota diezaiogun panorama politikoari gainbegirada: lehenbiziko aldiz –Euskal Elkargoaren sorrerarekin– euskal lurralde guztiak instituzionalki ordezkatuak daude. Euskarak ate berriak irekiak ditu, hortaz. IEHan Elkargoak bere mugak ditu, ez baitu euskararen estatusa aldatzeko eskumenik; aldiz, euskararen politikak garatzeko gaitasuna badauka. Nafarroan, gobernu berria dagoenetik, hainbat aurrera urrats eman dira euskararen estatusa aldatzeko norantzan. Bidea ez da erraza izaten ari ordea, eta euskaldunon eskubideak zonifikatzen dituen legea gainditzeko erronkak inoiz baino biziago dirau. EAEn, nahiz euskarak ofizialtasun estatusa izan, baieztatu da azken 35 urteetan garatutako hizkuntza politika epelek ez dutela balio izan.

Baina eremu administratibo bakoitzeko egoeraz gain EHan ematen ari diren beste prozesu hauek ere aintzat hartzekoak dira: Eusko Ikaskuntzaren eskutik herri honentzako Liburu Zuriaren eraketa prozesua; Gure Esku Dago-ren dinamika Ekainaren 10ean Herritarren Itun zabal batekin borobildu nahi dena; Eusko Legebiltzarrean ematen ari den Autogobernua berritzeko eztabaida; edota Hezkuntza Legea berritzeko prozesua bera. Eta tartean hainbat galdera erantzuteko. Esaterako, Autogobernu berrian euskarak ze leku izango du? Herri hau prest al legoke, hizkuntza ereduak behingoz gainditzeko, murgiltze planteamendurik ez lukeen Hezkuntza Lege berri bat onartzeko?... Erne jardun beharko dugu euskarak dagokion lekua lor dezan, izan ere, prozesu horietan ezarriko dira pixkanaka etorkizuneko euskal estatu(ar)en zutoinak. Ez dira nolanahiko korapiloak datozen hile eta urteetan jorratuko direnak, beraz, erronkak potoloak euskararentzat ere.

Bi. Balizko euskal estatu(ar)en indargunetzat ulertu behar dugu euskara. Altxor handia! Espainiar eta Frantziar kultura hegemonikoek zer dute guri eskaintzeko? Zer, atzerritik gurera datozenei eskaintzeko? Ezer gutxi. Euskarak eta euskal kulturak, berriz, badute bestelako mundu ikuskera bat auzolanean, komunitatearen indarrean...oinarritzen dena. Zapaltzen gaituzten estatuak baino estatu hobea eraiki nahi dugu, aurrerakoiagoa, justuagoa, berdinzaleagoa, demokratikoagoa, irekiagoa... hau da, euskaldunagoa. 60ko hamarraldian loraldi kulturala eta askapen prozesuaren borroka ziklo berriaren irekiera eskutik etorri ziren. Euskararen aldeko aldarria indar traktore izan zen herri hau lozorrotik esnatu zen garaian. Orduan izan bazen zergatik ez da izango orain? Herri honetan soberan dira arnas-guneak babesteko ia-ia harresiak altxatzea aldarrikatzen duten diskurtso esentzialistak. Euskara herri honen berezko bertutea da, eta horretan sinetsita seduzituko ditugu gainontzeko herritarrak estatu berria elkarrekin eta euskaratik eraikitzeko.

Hiru. Aipatutako guztia egiteko badago herri-gogoa! Azken aldian apalaldia izan dela ezin uka. Baina euskalzaletasunak bizi-bizirik darrai, egunetik egunera agertzen dira adierazpide berriak han-hemenka. Egia auzoan edo Lutxo Egiaren ekimenarekin hasi eta jadanik hamarnaka dira Euskaraldian buru belarri murgildu diren herriak. Hizkuntz Protokoloarekin ere ibili da nazioartean Euskararen Kontseilua, orain Euskal Herriko Kaiera dakar bertora. Gazteraikitik gazte eragileak euskalduntzeko plazaratu duten gida, medikuntzako ikasleen urteroko ekimena, Errotxapean mediku euskalduna exigitzeko abian duten dinamika...

Amaitzeko, bi apunte eta iradokizun bat. Gogoa eta giharra badaude, ziurrenik, entrenamendu pixkat behar indartzeko. Erronkak ere parez pare ditugu. Jarriko dugu gure herria ilargira begira? Euskara eta euskal estatua, izango dira ala ez dira izango

Zuriñe Gojenola Goitia

SORTUko Kontseilu Nazionaleko kidea

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.