ALBISTEAK

Urriko Iraultzaren mendeurren honetan, ekitadia antolatu du SORTUk iganderako Bizkaiko Meatzaldean, Zugaztietan. Mendeurrena gogora ekartzeaz batera, XXI. mendeko sozialistek neoliberalismoari aurre egiteko beharra aldarrikatuko du SORTUk, 12:00etatik aurrera. Alderdi independentistak dei egiten die ezker abertzaleko kideei ekitaldian parte hartu dezaten.

Bizi dugun egoerak urrats bat ematea eskatzen digu XXI. mendeko sozialistoi. Ofentsiba eraldatzailera pasa behar dugu maila guzietan. Aurre egin behar diegu neoliberalismoari eta alternatiba faltsua den faxismo berriari maila guzietan, ekonomian, ideologian, egunoroko bizitzan… Mobilizazio eta borroka fase berriak irekitzeko ordua da. Iratzar Fundazioarekin batera, zenbait gogoeta plazaratu nahi ditu SORTUk mendeurren honetan:

  1. Gaur egun ere, sozialismoa da kapitalismoaren alternatiba, alegia, jendarteari nagusitasuna eman behar zaio, kapitalaren diktadurari eman beharrean.

  2. XXI. mendeko kapitalismoa gainditzeko, ondo marraztu behar dira egungo garaietara egokitutako alternatibak, eragileak eta estrategiak, beti ere itxikeria eta dogmatismoa albo batera lagata.

  3. Feminismoa dugu egungo sozialismoaren zutabe nagusienetako bat. Erabateko garrantzia du berdintasuna sustatzeak.

  4. Eraldaketa behetik gora egin behar da, eredu autoritario, burokratiko eta zentralizatuak baztertuta. Matxinada demokratikoen ordua da. Badakigu kapitalak ez duela demokrazia maite. Herriaren presioak ekarri du beti demokratizazioa.

  5. Kapitalaren diktadura areagotzen ari den honetan, herriaren burujabetza dugu erronka nagusia. Ez gara independentzia formalaz ari, askoz ere erronka handi eta zabalagoa baita burujabetza, erabaki guztiak herriaren eskuetan jartzea baita xedea. Matxinada demokratiko soberanistak pizten ari dira Europan. Grezian gertatu zen, Eskozian ere bai, eta Katalunia da orain indar oroz bide berriak ireki nahi dituena. Garai bakoitzak ditu bere matxinadak, lubakiak baliatzen dituenak aukera-lehioak zabaltzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.