ALBISTEAK

 Espainiako Erregimenak Kataluniako Gobernuari egindako xantaia eta mehatxuak salatu nahi ditu SORTUk. Rajoyk Kataluniaren aurkako neurri errepresiboak iragarri ditu eguerdian, baldin eta Puigdemonten Gobernuak atzo egindako independentzia aldarrikapena albo batera lagatzen ez badu.

Kataluniako parlamentuak atzo hartutako erabakia txalotu ez ezik, zorionak ere eman nahi dizkio SORTUk Kataluniako herri osoari. Kataluniako herritarrek, eragileek eta erakundeek modu eredugarrian jokatu dute. Oztopo guztien gainetik, urriaren 1eko erreferendumean herritarrek erabakitakoa aldarrikatu zuen Parlamentuak atzo, eta gainera enegarren aldiz elkarrizketarako tartea eskaini dio Erregimenari. Hori dela eta, babes osoa agertu nahi dio SORTUk Kataluniari.

Kataluniako gertakariak arretaz jarraitzen ari gara Euskal Herrian. Ikusle izatetik aktore izatera pasa behar dugu. Autoritarismoaren aurrean, demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza defendatu behar ditugu. Espainiako Erresumak ez dizkigu eskubide horiek onartzen, Kataluniari onartzen ez dizkion moduan. Horregatik, 78ko Erregimena erortzear den honetan, bigarren frontea ireki behar dugu euskal herritarrok. Hemendik ere. Orain da unea.

Estatuaren inboluzioaren aurrean, indarrak biltzeko unea da: alderdien, sindikatuen eta gizarte eragileen arteko lankidetza abiarazi behar dugu, gehiengo zabal bat artikulatu behar dugu herri honetan demokraziaren defentsan, erabakitze-eskubidearen defentsan eta burujabetzaren defentsan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.