ALBISTEAK

Kataluniaren autodeterminaziorako erreferendumaren biharamunean, SORTUk honako hau adierazi nahi du:
1. Kataluniako herriari zorionak eman nahi dizkiogu emandako lezio demokratikoagatik: Poliziaren jarrera basatiak ez du herri oso baten determinazioa gelditu eta, oztopoak oztopo, bere eskubidea gauzatu du. Gure elkartasun eta babesa agertu nahi diogu Kataluniari. Kolpe, mehatxu eta manipulazioen aurrean ez daude bakarrik, haien ondoan gaituzte.
2. Erreferendum legal eta loteslea izan da Kataluniakoa. Gehiengoak erabaki du eta independentziaren aldeko hautua egin du. Estatuaren eta Kataluniaren arteko akordio eskaerak aitzakiak baino ez dira egungo statu quoa-ri eusteko. Kataluniako herriak independentziarako demokratikoki egin duen hautua aintzat hartzen dugu eta gainerako eragile politikoek ere onar dezaten espero eta nahi dugu.
3. Urkulluren ekidistantzia onartezina da. Zinismo ikaragarria erakutsi du Rajoy eta Puigdemonten jokabideak berdintzean. Nork bidali du Polizia herritarrak borraka jotzera? Nork galarazten du herritarren borondatea? Nork eragin du haustura soziala Kataluniako herritarren artean? Urkullu bere posizionamenduekin mesede ordainezina egiten ari zaio Rajoyren Gobernu autoritarioari. Bide prakmatiko bakarra Kataluniako herriak hartutakoa da, botere bideak eraldatzen baititu.
4. Atzoko irudiek beste behin ere frogatu dute Espainiako Erresuma demokratizatzea ezinezkoa dela. Erregimenarekin hausteko beharra berresten dugu, azken lau hamarkadetan egin dugun moduan. Espainiako ezkerrak ulertu beharko luke PP ez dela arazoa, Estatua bera baizik: Katalunian gehiengoak indepentzia nahi badu ere, Estatua ez dago borondate hori inoiz onartzeko prest; beraz, errepresioa baino ez zaio gelditzen. PSOE Gobernuan izan balitz, antzeko jokabidea izango zukeen.
5. Euskal Herriko gehiengo zabal batek uste du egungo marko politikoa agortuta dagoela. Sumindura gure kaleetan hasi da hedatzen gero eta gehiago. Erabakitze eskubidearen eta burujabetzaren aldeko sektoreak ados jarri eta artikulatzea izango da hemen erronka nagusia 78ko erregimena gainditzeko.
6. Katalunia komentzimendu osoz marrazten ari da bere ibilbidea. Geure bide propioa abiaraztea posible dela erakutsi digu.
7. Iragarritako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.