ALBISTEAK

 Larunbatean Gure Esku Dago dinamikak Kataluniako erreferendumaren alde antolatu duen manifestazioan parte hartzeko dei egiten die SORTUk euskal herritarrei. Kataluniako instituzioak, ordezkari politikoak, hedabideak, funtzionarioak eta herritarrak jada pairatzen ari diren erasoa ez da bakarrik Kataluniako herriaren aurkakoa, demokraziaren aurkakoa ere baizik. Abertzale eta independentista guztiek ez ezik, ezkertiar orok ere Bilbon izan behar du.

Horren harira, SORTUK honako hau adierazi nahi du:

  1. Kataluniako herriak bere geroa erabakitzeko erakutsi duen determinazioa goraipatu nahi du SORTUk. Txalogarria da Kataluniako herritarrek, erakundeek eta alderdiek autodeterminazio eskubidea praktikan jartzeko erakutsi duten kemena. Izan ere, urte luzez Espainiako gobernuekin adostasun bila aritu badira ere, Madrilek behin eta berriz elkarrizketarako aukera oro zokoratu eta mehatxuka jardun du etengabe.

  1. Kataluniako erreferenduma behingoz frankismoaren oinordekoa den 78ko erregimena hautsi dezakeen akontezimendu politikoa da. Katalunian beraz Euskal Herriaren eskubideak ere jokoan daude.

  1. Abertzale eta independentista orok Bilbon egon behar dugu. Larria da EAJren jarrera. Erreferenduma etengabe galaraztea ez al da neurrigabekoa? Norekin dago? Espainiako Erresumak muga guztiak gainditu dituen honetan, filibusterismoak alde batera utzita, EAJk argi eta garbi hitz egiteko garaia da. 78ko Erregimenak marra gorri guztiak hautsi ditu Katalunian, aldizkariak eta inprentak miatzean, hedabide publikoetako zuzendaritzari mehatxu egitean, lege demokratikoak atzera botatzean, ordezkari politikoak auzipetzean eta funtzionarioak beldurtzean. Norekin dago? Boto-kutxen eta boto-paperen bila beldurra eragin nahian ari diren guardia zibilekin ala haien geroa erabaki nahi duten herritarrekin zaudete?

  1. Ezkertiar orok Bilbon egon behar dugu. Atsekabea eragiten digu ezker espainiarraren jarrerak gai honen inguruan. Espainiako batasunaren dogma frankismoaren oinordekoei erosi die. Ezker espainiarrak ez du ulertu nahi Espainian ere langileen eta herri sektoreen interesen aldeko erregimen politiko berria ekartzeko aukera ireki duela Kataluniako herriak erreferendumaren bidez. Arazoa ez da Rajoy, PP edo PSOE. Arazoa Estatua bera da, eta beste behin ere Espainiako ezkerrak burgesia eta elite espainiarraren klase interesekin bat egin du. Herri sektoreen ikuspuntutik, haustura prozesua abiatzea da aukera bakarra sistema justuagoa eraikitzeko.

  1. Mundu guztia Estatuaren partetik ustezko eraso handi baten zain dagoela dirudi: Konstituzioaren 155. artikulua, Segurtasun Nazionalerako Legea... Baina erasoa jada abian dago. 78ko Erregimena buru-belarri baitabil Kataluniako herriaren, instituzioen eta haien borondatearen aurka erasoan. Kalean erantzun sendoa emateko unea iritsi da. Kataluniari elkartasuna erakutsi eta bozkatzen utz dezatela exijituko dugu Bilbon. Demokraziaren alde gauden guztiok zita garrantzitsua dugu larunbatean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.