ALBISTEAK

Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez SORTUko Kontseilu Nazionaleko kideek bat egin Kalera Martxarekin bat egin dute gaur. Hedabideei egindako adierazpenetan nabarmendu dute presoen, iheslarien eta deportatuen arazoari lehentasunez behin betiko irtenbidea eman behar zaiola, bake eta bizikidetza agertoki berri bat eraikitzeko.

Arkaitz Rodriguezen esanetan, “gure babes osoa agertu nahi diegu euskal preso politikoei, euskal errefuxiatu eta deportatu politikoei. Aldi berean aldarrikatu nahi dugu haien kaleratzea, haien etxeratzea. Euskal gizarteak nahi eta merezi du konponbide integral bat, konponbide justu bat, konponbide iraunkor bat. Gatazkaren konponbide horrek eskatzen du preso politikoak kalera ateratzea eta errefuxiatu eta deportatuek etxerako bidea izatea, ez dagoelako normalizazio politikorik ez bizikidetzarik espainiar eta frantziar estatuetan ehunka preso diren artean”.

“Horregatik, lehentasunezkoa da euskal preso politikoak etxeratzeko bide-orri bat adostea euskal gizartearen baitan. Lehentasunezkoa da, armagabetzearekin egin zen bezalaxe, euskal eragileen, euskal instituzioen eta kasu honetan Euskal Preso Politikoen Kolektibo beraren artean elkarlana burutzea eta bide-orri bat adostea. Zentzu horretan, EPPK-k egin du ekarpena, gure iritziz behintzat berebiziko garrantzia duena. Kolektiboak jakin du une politikoa irakurtzen eta jakin du euskal gizartearen eskaerak bere egiten”.

“Hemendik aldarrikatu nahi duguna da gatazkaren parte diren beste alde horiek ere nolabait ardura berdinez joka dezatzen eta haien posizioak ere egoki ditzaten. Edozein kasutan, gauza jakina da zein den estatuen jarrera afera honetan, bereziki Espainiakoarena: EPPK-ren jarrera horrek modu nabarmenean kontrastatzen du Estatuak duen jarrerarekin. Espainiako Estatuak gerra logika batean instalatuta jarraitzen du, jarraitzen du preso politiko gehiago eginez”.

“Esperantzarako mezu bat igorri nahi diogu euskal gizarteari. Armagabetzearen aferak frogatu zuen Estatuak boteretsuak direla baina ez direla inondik inora garaitezinak. Komentzituta gaude herri mobilizazioarekin eta eragileen eta instituzioen arteko elkarlanaren bidez lortuko dugula euskal preso politikoak kalera ateratzea, lortuko dugula errefuxiaturik gabeko eta deportaturik gabeko etorkizun bat”, SORTUko Kontseilu Nazionaleko kidearen esanetan.

 

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.