ALBISTEAK

- Kolektiboak bere txostena publiko egin du. Txostenean markatzen duten ildoak etorkizunera begiratzen du.

- Txostenak euskal eragileen arteko elkarlanerako eta adostasunerako oinarriak finkatzen ditu.

- Kolektiboak azterketa sakona egin ondoren ondo ulertu du zein izan behar zen une honetan berari dagokion bake eta askatasun prozesuari egin behar dion ekarpena.

- Kolektiboak erronka berri honetan ausardia eta ardura politikoa erakutsi du; jakin izan du iraganeko posizioetatik mugitzen euskal gizartearekin batera aritzeko.

- Kolektiboak bere ardura hartzen du prozesu honetan eta dokumentu hau ardura horren adierazlea da. Txosten honek ezaugarri nagusi batzuk ditu:

* EPPKk dio bere eztabaida politikoan ez duela ezer ezkutatzeko, horregatik da publiko eta gardena.

* Kolektiboak bere egiten du Ezker Abertzalearen ildo estrategikoa, eta ildo horretan kokatzen dira eztabaidaren emaitzak. Beraz, EPPKk kartzelak husteko eta prozesu independentista sustatzeko ekarpena egiten du.

* Ildo judiziala jorratzeko garaian, preso bakoitzaren esku egongo da zer nolako urrats emango duen erabakitzea.

* EPPK jakitun da Estatuak kolektiboa bera erabiliko duela Ezker Abertzalearen posizioa ahultzeko eta prozesu independentista oztopatzeko. Saiakera horien aurrean kohesioa eta herriarenganako lotura eskatzen ditu.

* EPPKk Estatuak egotzi nahi dion bahituren papera kritikatzen du, herri honen bake eta askatasun prozesuaren baitan beraien analisia eta ekarpenak oztopatzeko.

* Kolektiboak lan ildo berria ezartzen du, hiru elementu nagusi azpimarratuz. Baga, batzeko, Euskal Herriratzeko eta kaleratzeko prozesu gradual bat aurreikusten du. Biga, hau lortzeko helburuarekin legedi arrunta erabiltzeko prest dago. Higa, prozesu hau euskal gizartearen babesarekin egin nahi dute.

* Lege arrunta erabiltzea ez da bat ere erreza izango; izan ere, adierazle guztiek erakusten dute Estatuak 7/2003 salbuespen legedia erabiltzen segitu nahi duela. Lege hori erabat bortitza eta antidemokratikoa da, eta Estatuak Kolektiboaren pausu berria oztopatzeko asmoz erabiliko du.

- Bukatzeko, gatazka honetan parte hartu duten eragile guztiei dei egiten diegu, Kolektiboak egin duen bezala, beraien posizioak ere mugi ditzaten. Izan ere, iraganeko eskemetan enrokaturik ez dago bakea eta bizikidetza eraikitzerik, ezin da eraiki bake iraunkor eta justu bat.

- Kolektiboak eta Ezker Abertzaleak bakea eta askatasunaren bidean jarrera eraikitzailea eta arduratsua erakutsiko dute une orotan. Guztion konpromisoa inoiz baino beharrezkoagoa da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.