ALBISTEAK

SORTUk bihotz-bihotzez bere esker ona adierazten dio Nazio Egiaztatze Batzordeari, azken urteetan egin duen lanagatik. Oztopoak oztopo, Euskal Herrira bakea eta bizikidetza ekartzeko inplikazioa eta konpromisoa goraipatzen ditu SORTUk.

Gatazkaren konponbidea aldebakartasunetik baino ez zela etorriko erabaki ondoren, ezker abertzaleak jakin bazekien Euskal Herriko nahiz nazioarteko eragileen partehartzea ezinbestekoa izango zela prozesua abian jartzeko. Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen (NEB) ahaleginak emaitza oparoak ekarri ditu, eta bakearen eta bizikidetzaren alde mugitu nahi ez zuten hainbat sektoreren posizioa mugiarazi du Euskal Herrian.

Apirilaren 8ko armagabetzeak agertoki berri baten atarian jarri du Euskal Herria, eta NEBek bere lana amaitutzat jo du. Orain Euskal Herriko eragileei dagokigu urrats gehiago ematen jarraitzea, gure herrian benetako bake eta bizikidetza egon dadin. Orain lehentasunez preso gaixoak askatzeko adostasun zabalak behar dira gizarte eragile, instituzio eta alderdi politikoen artean. SORTUren ustez, bakea eta normalizazioa eraikitzeko ezinbestekoa da presoak kaleratzea, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea eta indar polizialen desmilitarizazioa. Egia osoa jakitea ere ezinbestekoa izango da urteetako sufrimenduak eragindako zauriak behar bezala ixteko.

Konponbide integral baten alde lanean jarraitzeko prestutasun osoa du SORTUk, eta urratsak ematen jarraituko du euskal eragileekin batera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.