ALBISTEAK

Gaur, “oligopolio elektrikoaren erregina” den sede zentralera joan gara LOTSA sentitzen dugula esateko. Dirua “irabazteko” multinazional honek duen grina eta nahiak mugarik ez duela ikustearen LOTSA.

Urtero irabazi milionarioak dituzte, eta hala ere inoiz ez dira asetzen, zenbat eta gehiago eduki gehiago nahi.

Elektrizitatea, lehen mailako behar bat da, eta behar honen prezioa manipulatzen dute irabaziak handituz joan daitezen, hotzik handiena egiten duen garaian hain justu. Teknika mafiosoak darabiltzate gaizki pasatzen ari diren milaka lagunen bizitzekin jolastuz, horiei oraindik ere gehiago zailduz eta ezinduz oinarrizko eskubideen jabe izatea, horrela gizarteko zati handi bat pobrezia energetikora kondenatuz.

LOTSA sentitzen dugu bere apustu nuklearra salatzen duten aktibistak jazartzen dituen enpresa batez, Garoña-ko zentral Nuklearrarekin guztion bizitzak arriskuan jartzen dituen bitatean. Irabaziak pribatizatzen ditu baina kutsadura eta ingurugiru arriskuak sozializatzeko zalantzarik ez du izaten.

LOTSA badakigulako multinazional honen atzean, edo aurrean, bere komenira legislatzen duen beste mafia bat dagoela, alfonbra gorriak jarri, argazkietan pedaleatzen agertu eta azkenean ondoko hall horren ate birakorrean bueltaka amaitzen dute.

Zorionez, gero eta gehiago dira energia demokratizatzeko hautua egiten duten pertsonak. Hemen eta orain, badira alternatibak, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dutenak eta ekoizpen modelu eta kudeaketa partehartzailearen alde ari direnak. Beste modu batean parte hartu eta kontsumitzea bultzatzen duten proiketu kooperatiboez ari gara.

Horrenbeste LOTSAren eta LOTSABAKOren kontra, ordua da ez soilik salaketa egiteko edota lapurtzen diguten horien aurrean jartzekoa, baita gure burujabetza borrokatzekoa ere, zeinak beste eredu energetiko bat posible izango duen. Burujabetza, zeinak Euskal Herriari utziko dion pertsona eta ingurumena zentruan hartutako politika eta konpromizoen alde apostu egiten, dirua gure kontura irabazteko grina horren aurrean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.