ALBISTEAK

Milaka pertsonek bat egin dute gaur arratsaldean “Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera” leloarekin, Oreretan egindako manifestazioan. Orain dela 40 urte, 1977ko maiatzaren 8tik 14ra bitartean izandako Amnistiaren Aldeko Aste odoltsua gogora ekarri dute eta omenaldia eskaini diete Poliziak hil zituen zazpi lagunei, bereziki Oreretan hil zituzten hirurei: Clemente del Caño Ibañez, Gregorio Maritxalar Aiestaran eta Rafael Gomez Jauregiri.

Kalera Kalerak deitu du manifestazioa. Ezker Abertzalearen dinamika Euskal Udaberria Kalera kanpaina egiten ari da udaberri honetan, presoen eta iheslarien auziarentzat berehalako konponbidea exigitzeko. Izan ere, benetako bake eta bizikidetza agertoki berri bat lortzeko ezinbestekoa baita gatazkaren ondorioei konponbidea ematea.

Manifestazioa 17:30ean hasi da Oreretako plazan eta Alamedan amaitu da. Oreretako zein Euskal Herriko Sortu, Ernai eta LABeko hainbat kidek bat egin dute aldarriarekin.

Manifestazioaren amaieran, Seanna Walsh Sinn Feineko preso ohien batzordeko buruak ere bat egin du manifestazioarekin. Elkartasun hitzak izan ditu Euskal Herriko prozesuarentzat.

Olaia Matxain oreretar gazteak eta Juan Mari Olano Ezker Abertzaleko militanteak ere hartu dute hitza. Olanoren esanetan, orain dela 40 urte egindako borrokaren ondorioz lortu zen amnistia. “Ez zen benetako amnistia bat izan baina gure borrokalariak espetxeetatik ateratzeko baliagarria izan zen. Borrokarekin egin genuen baliagarria”, adierazi du.

“40 urte geroago gure borrokalariak kalera ateratzeko eskatuz gabiltza, amnistia ere eskatzen gabiltza”, nabarmendu du. “Presoak, iheslariak eta deportatuak Euskal Herriko kaleetara lehenbailehen itzultzeko eredu bat behar dugu, eta trantsizioan bezala borroka eginez lortu behar dugu. Borroka ez da eten, aurrera jarraitzen du”, esan du.

“Beraz, gure lagunak Euskal Herriko kaleetara ekartzeko eta amnistiaren norabidean bidea eginez, lehenengo erronka dugu Kalera Kalera. Dinamika honek lehentasunak marraztu ditu: preso gaixoak, kalera; urte asko dituzten presoak, kalera; espetxean urte askoan dauden presoak, kalera... Horrela, kartzelak hustu arte”, Olanoren esanetan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.