ALBISTEAK

Espainiako armada Nafarroan egiten ari den gerra entsaguak salatu nahi ditu SORTUk. Alde batetik, Esteribarren, Zubiriko bizilagunek Espainiako Armadako infanteriako America 66 erregimenduko kideak zelatatu dituzte maniobratan. Bestetik, egun hauexetan Bardeetako poligono inguruan jarraitu dute tiroketek eta bonbardaketek. Beraien armak hartuta Euskal Herritik joan daitezela eskatu die SORTUk indar armatuei.

Ikara eragin nahi du Espainiako indar armatuen presentziak Esteribarko bizilagunen artean. Ez da gutxiagorako, America 66 erregimenduaren 253 urteko historia beltza kontuan hartuta: besteak beste, Ameriketako kolonietako sarraskietan parte hartu zuen, 1842an Bartzelona bonbardatu ondoren ehun bat lagun afusilatu zituen, Galizian 1848ko errepresio odoltsuan parte hartu zuen, eta Mola generalaren agindupean parte hartu zuen 1936ko altxamendu militarrean.

SORTUk garbi du Euskal Herria okupatzen duten indar armatuek alde egin behar dutela. Desmilitarizazio prozesuak aurrera egin behar du. Herri honek bakean bizitzeko apustu irmoa egin du, apirilaren 8an Baionan agerian gelditu zen moduan. Horregatik, Bardeetako bonbardaketak eta Pirinio aldeko maniobrak berehala gelditzeko exigitzen du. Beraien armak hartuta, hemendik alde egin dezatela, ez diezaiotela oztoporik jarri herri honen borondateari.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.