ALBISTEAK

Ezker Abertzalearen Kalera Kalera egitasmoak ekitaldi bat eta lore eskaintza bat egin du Gernikan gaur, preso politikoen nazioarteko egunean. Oihana Garmendiak eta Antton Lopezek, Kalera Kalerako bozeramaileek, gatazkaren ondorioei irtenbide integral bat aurkitzea beharrezkoa dela berretsi dute, bake eta bizikidetza etorkizun bat eraiki ahal izateko. Horrez gain, iraganari muzin egin gabe etorkizuna eraiki behar dela gaineratu dute:

“Kalera Kalera egitasmoa sustatzen dugunok Gernikan bildu gara gaur, ekitaldi bat eta lore eskaintza bat egiteko. “Gernikatik Bake eta Askatasunera” lelopean, bi helburu gauzatu nahi ditugu oraingo honetan: preso politikoen nazioarteko eguna ospatzea batetik; eta bestetik, Gernikatik bertatik irtenbide integral bat aldarrikatu nahi dugu dagoeneko desarmatuta dagoen gatazkaren ondorioentzat.

“Egunotan 80 urte betetzen dira indar faxistek Gernika suntsitu zutela. Demokraziaren etsaiek menperatutzat jo zuten euskal herritarren bake eta askatasun ametsa. Baina urte gutxiren buruan euskal nazioaren askatasun bandera berriz agertu zen. Gernikako seme-alabak, bilobak eta birbilobak ziren eta dira bandera hori astindu zutenak. Picassoren gudariaren eskutik ernetzen den lorearekin identifikatuta sentitzen gara. Gatazka politiko baten parte gara, gatazkaren zati baten baten parte gara.

“Gatazka honek preso politikoak ekarri ditu. Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta dauden horiek euskal preso politikoak dira eta izango dira. Ez gara nekatuko aldarrikatzeaz, kartzelara eraman zituen zioak jatorri politikoa duelako.

“Herri honetan azken hamarkadetan gertatutakoaren inguruko errealitatea desitxuratzeko ahalegin bat sumatzen dugu. Gertatutakoaren jatorria konpondu gabeko gatazka politiko batean dagoela ezkutatu nahi dute eta ukatzen ari dira. Gatazka horretan alde guztiek parte hartu dute. Zer gertatu den geuk ere jakin nahi dugu.

“Jakin nahi dugu nortzuk izan diren sakabanaketaren arduradun politiko zuzenak; nortzuk izan diren tortura sistematikoa agindu zuten arduradun politikoak; salbuespen juridikoaren arduradunak; GAL eta Batallón Vasco-Españolen hilketen estrategiaren benetako arduradun politikoak, oraindik orain erailketa gehienak argitu gabe baitaude. Jakin nahi dugu nola gertatu ziren Gerestaren, Josu Zabalaren eta Xabier Kalparsororen hilketak; non dauden Perturren, Naparraren eta Popo Larreren gorpuak, Mikel Zabalza benetan nola hil zen; nortzuk eta zergatik erabaki zuten Galindo, San Cristobal eta GALeko gainerako kideak aske lagatzea, preso gaixoei atea zazpi giltzarrapoz ixten zitzaien bitartean. Bai, jakin nahi dugu.

“Iraganari aurre egitea proposatzen dugu etorkizuna eraiki ahal izateko. Horretarako zenbait gairi aurre egin beharko zaie, hala nola, memoriari, biktima guztien aitortza eta erreparazioari eta desmilitarizazioari.

Kalera Kalera egitasmoaren bidez agenda politikoaren erdigunean jarri nahi dugu preso guztien kaleratzea eta iheslari zein deportatu guztien etxeratzea beharrezkoak direla etorkizun hori eraikitzeko.

“Borrokak jarraitzen du. Bake, bizikidetza eta askatasun prozesua bururaino eraman nahi dugu herri honentzat, modu eraikitzailean. Gaurko ekimenak batez ere esanahi hori du. Ezker Abertzalea prest dago”.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.