ALBISTEAK

Testuinguru berezian dator aurtengo Aberri Eguna. Independentziarako bideak jorratzen ari dira Europan hainbat kide. Eskoziak 2018rako iragarri du bigarren erreferenduma. Katalunian irailean ondo bidean independentziarako erreferenduma ospatuko da, adostuta edo aldebakarrez. Horrek baldintza berriak sortuko ditu, baita Euskal Herrian ere.

Euskal Herrian ere baditugu prozesu soberanista bat abiatzeko baldintzak. Gehiengo zabala erabakitzeko eskubidearen aldekoa da, independentismoak ere gora egin du inkestetan. Instituzioetan herri gisa aurrera egiteko baldintzak sortu dira. Gero eta nabarmenagoa da Estatu espainiarra eta frantsesarekiko menpekotasunak langile eta herri sektoreen bizi baldintzak okertu baizik ez dituela egiten. Lehen aldiz mendeetan elkarri bizkarra ematen ez dioten hiru instituzio ditugu. Nafarroan aldaketa indartzeko apustuari eutsi behar diogu burujabetzaren aldeko gehiengoak batuz. EAEn autogobernu ponentzian estatusari buruzko eztabaida zabalik da. Eta kalean, herritarrak galdeketa arrakastatsuak antolatzen ari dira, gimnasioa demokratikoa eginez, konplizitateak eraikiz.

Testuinguru berezian dator aurtengo Aberri Eguna. Ziklo historiko baten amaiera bizitzen ari gara, ziklo berriari ateak irekiz. Baldintza berriak sortzeko ekarpen kualitatiboa eginez.

Duela 80 urte faxisten bonben sugarretatik bizirik ateratako herria da gurea. Eta bakearen eta askatasunaren aldeko borrokak aurrera darrai.

Larunbatean Baionan herriak duen indarra ikusi genuen berriz ere. Herri honek gaitasun eta imajinazio ikaragarria ditu aurrera egiteko. Sortun harro gaude horretaz.

Orain herriak berriz ere lekukoari eutsi eta askatasuneraino eramateko sasoia da. Herriak bakarrik salba dezake herria.

Prozesu soberanista bat martxan jartzeko sasoian gaude horretarako prest gaudenon artean. Herria abiapuntu eta herria xede. Duela 80 urte faxistek II. Errepublikaren aurka jo zuten. Orain, I. Euskal Errepublikaren alde egiteko determinazioa dugu. Erabakitzeko eskubidea praktikan jarriz Estatu propio baten alde, borrokan jarraituko dugu.

Hori horrela izanik, Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak antolatuta igandean Gernikan ospatuko den Aberri Egunera ikurrinak eskutan joateko deia egiten diegu euskal herritarrei. Herria da aberria.

Gora Herria!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.