ALBISTEAK

Ibon Arbuluk Bizkaiko Sortuko ekintza politikoko arduradunak honako adierazpen eskaini ditu hedabideentzat Bikaiko Lurralde auzitegiaren atarian, lau guardia zibilen aurkako epaiketaren amaiera dela eta:

“Gaur amaituko den epaiketa honetan, Sandra Barrenetxeak jasandako torturen testigantza entzun dugu bere ahotik. Kontakizun lazgarria izan da. Badakigu mingarria izan dela berarentzat zorigaizto hori berriz ere gogora ekartzea. Horrexegatik SORTUk babesa eta elkartasuna azaldu nahi dio Sandrari.

“Sandraren salaketa hau, zoritxarrez, Euskal Herrian egiaztatutako 5.657 tortura kasuetako bat baino ez da, baina epaitegietako bidea aurkitu du praktika sistematiko honetako kasu gehien-gehienek ez bezala. Epaiketan demostratuta gelditu da Sandraren testigantzaren egiazkotasuna. Epaia akusatuen aurkakoa izatea garrantzitsua izango litzateke: torturen inguruko aitortza eraikitzen hasteko lagungarria bailitzateke, eta inpunitatearekin amaitzeko baliagarria izango bailitzateke.

“Epaiketa honen inguruan isiltasun handiak sumatu ditugu. Handiegiak. Hemen batzuek errelatu anputatu bat inposatu nahi dute eta horrela ezinezkoa da denen sufrimendua arintzea. Guztion sufrimendua aitortzea ezinbestekoa da bake iraunkorra eraikitzeko. Guztiok eman behar ditugu pausoak. Horregatik ondo legoke gizarte eragileek eta erakundeek egiaren parte hau azaleratzeko behar diren aurrerapausoak emango balituzte; batez ere erakundeek, oraindik ez baitute onartu denok dakiguna, hemen jendea sistematikoki torturatu dutela, hainbat sektoreren konplizitatearekin”.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.