ALBISTEAK

Lehen beroaldiak iraganik, gogoeta zorrozteko beharraren aurrean gaude, oraingoan ere. Afera nagusia estrategia da, eta bistan denez, ezker abertzaleak demokratikoki aukeratu duena hobetzen ahal da, eta kritikak hobetzeko baliogarriak izan daitezke, baina norbaitek estrategia hoberik badu, abian jar dezan.

Afera nagusia estrategia daBaina, estrategia hobea da gero eta jende guttiagok ulertu edota babesten dituen formulak, diskurtsoak eta borroka moldeak baliatzea? Benetan, norbaitek uste du kale borrokari zentraltasuna ematea estrategia irabazlea izan daitekeenik 2017ko Euskal Herrian? Catalunya eta Eskozia independentziaren bidean indar oroz dabiltzalarik, poliziari harriak jaurtitzea da egungo euskal askapen ibilbidearen gakoa? Norbaitek uste du horrela hartuko diegula aurre bi herri horiei?

Benetan, onuragarria iruditzen zaio norbaiti ahalegin gehienak (denak ez esatearren) ezker abertzalea, EH Bildu eta Nafarroako aldaketaren kontra zuzentzea? Zein estrategia indartzen da horrela?

Esentzien inguruan eztabaidatzea erresistentzian kateatzea da, iraganari so eginaz gelditzea, aldaketa sakonak sustatzeko aukera baztertzea, aldaketa erraldoien izenean. Batzuk hor daudela dirudi, baina hortik ez da etorriko gure garaiko erronkei eman beharreko erantzuna.

Tragedia larria da kartzelak hustu behar direlarik joan den astean baino hiru gazte preso gehiago izatea. Oreretako EH Bilduk aldarrikatu duenez, ezin dira gazte horiek espainiar epaileen aitzin abandonaturik utzi, baina gauza bat da hori eta bestea ardurari ihes egitea: estrategia okerrek kalte egiten diote gure herriari, bistan denez, eta esan beharra dago! Nork behar zuen gure herrian errepresioa ikustarazterik? Ez preso eta beren familiarrek, ezta epaiketaren edota kartzelaren mehatxuaren menpe segitzen dugnok ere, hori oso argi daukat. Ez zen Altsatsukoa aski argigarria izan?

Borroka ziklo berria sustatzeko erronka dugu gure aurrean. Urratsak ematen ari dira maila askotan. Herri kontsulten inguruan, esaterako. Sindikatu borrokalarien hazkundea dugu beste adierazpen bat. Zerrenda luzea da. Prekarietateak jende asko kaltetu du, gazteak era berezian, eta haserrea zabaltzen ari da, zorionez, gure jendartea bizirik dagoelako. Baina haserre hori eraldaketarako energia bilakatzen ez bada, estrategia kaltegarrietan galtzen bada, ondorioak larriak izanen dira, estatuak eta agenda neoliberalaren eragileak ez baitaute esentzien inguruko eztabaidan murgildurik, ezta iraganarekiko nostalgian kokaturik ere.

Borrokak eta beren fruituak errespetatu eta zaindu behar dira. Nafarroako aldaketa instituzionala, esaterako, borroka ziklo baten uzta da. Hobetu beharra dago, zabaldu eta sakondu beharra dago, arazo asko ikutu ere ez baitira, urratsak mugatuak direlarik. Egunoro ari gara batzuk hori aipatzen eta aldatu nahian, baina kalitatezko hobekuntza da aurreko agertokiaren aldean eta herritar gehienen interes eta gogoak urratzea litzateke irekitako aukera lehertaraztea.

Nork eginen luke izugarrizko besta larunbateko gertaeren ondotik aldaketaren gehiengoak hautsiz gero? Nor poztuko litzateke halako baten ondorioz Mayak Iruñeko alkatetza berreskuratuko balu?

Gogoeta estrategikoak eta indarrak artikulatu eta eraginkor bilakatzeko jarrera tinkoak irain eta deskalifikazioen lekua hartuko balute, denon onerako izanen litzateke, zalantzarik gabe!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.