ALBISTEAK

Eskuragarri dago jada Sorturen Birfundazio Kongresurako ZOHARDIA izeneko Ponentzia. Ponentzia hau Sorturen Batzar Nazionalak hautatutako 34 kideko talde batek osatu du. Ponentzia irakurri eta deskargatu ahal izateko www.partehartu.sortu.eus gunean izena eman beharra dago.

Jarraian duzue Ponentziaren Sar Hitza.

Sar hitza

Esku artean duzun testu hau Sorturen Birfundazio Kongresuan eztabaidagai jartzeko ponentzia da, Batzar Nazionalak aukeratutako 34 kideko lantaldeak osatu duena. Prozesuaren araudian zehaztu bezala, behin ponentzia hau publiko eginda Ponentzia Lantaldeak bukatutzat jotzen du bere eginbeharra.

Burujabetza prozesua

ABIAN eztabaida prozesuak, datozen garaietan garatu beharreko estrategia independentista eraldatzailearen hezurdura marrazteaz gain, ezker abertzalearen birfundazioa agindu zuen, birkokatze estrategikoak eskatzen duen neurriko ezker abertzale berria osatze aldera. ABIANek Sorturi pasa zion lekukoa horrela. Orain, Sorturi fase politikoa zehaztasunez definitu eta estrategia mamitzea dagokio, mobilizazio ziklo berria suspertzeko gakoak eta agenda proposatuz, eta horretarako antolaketa eredua diseinatuz.

ABIANek zedarritu zuen orubean lau zimendu nagusi ezarri ziren. Lehenak ezker abertzalearen egitasmo estrategikoa berresten du; bigarrenak estrategiaren muina definitzen du: independentzia jendartearen gehiengo baten gura bihurtzea –hautabide independentista–; hirugarrenak beste hainbat eragile sozial, sindikal eta politikorekin batera garatu nahi dugun burujabetza prozesu herritarraren gakoak ematen ditu, bertan kokatuz gatazkaren ondorioak gainditu eta preso eta iheslari politikoen etxeratzeko bidea; eta laugarrenak, horri guztiari erantzun ahal izateko antolatzeko irizpide nagusiak eta hain beharrezkoa dugun borroka kultura berriaren zertzeladak marrazten ditu. Zimendu hauen gainean eraikitzea dagokio ponentzia honi.

Has gaitezen hasieratik: ezker abertzaleak bere egitasmo estrategikoa berresten du. Globalizazio neoliberalaren errealitate gordinak adierazten du gure sorrerako hipotesi estrategikoak inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela: herri-eraikuntza eta burujabetzea dira eraldaketa sozialerako gakoak. Bestela esanda, inoiz baino argiago dago burujabetzaren eta jendarte justuagoaren aldeko borroka elkar lotuta daudela. Beraz, abiapuntuko hipotesi estrategikoan sakontzea dagokigu.

Hain zuzen, Europan zehar gertatzen ari diren mugimendu askatzaileek herrien eta herritarren burujabetzaren aldarrikapena dute oinarrian, prozesu independentistak ekintza ziklo kolektibo beraren baitan kokatzen direlarik. Ortzimuga utopikoa izan dena errealitate material bihurtu da, burujabetzan aurrera egitea herritarren ongizatearen garantia izan daiteke geroz eta gehiago. Beraz, maila politikoan, sozialean zein kulturalean aurrera urratsak egiteko aukera berriak ireki ahalko lituzkeen ofentsiba subiranista bat antolatzeko baldintza egokietan aurki gaitezke datozen urteetan Euskal Herrian, jendartearen hautabide indepedentista gorpuztu dezakeena.

Hori horrela, ezinbestekoa da egungo baldintzak neurtuz fase politikoa ondo definitzea. Fase honen helburu behinena Euskal Errepublikari ateak irekiko dizkien prozesu konstituziogileak abiatzeko baldintza sozial eta kulturalak sortzea da. Txibertatik gaur egun arteko ibilbide historikoari jarraiki, ezker abertzalearen eginbehar nagusia, gaur gaurkoz, ez da arrazoia duela frogatzea edota bere egitasmo estrategikoa hegemoniko bilakatzea, Euskal Herriak Euskal Errepublikarantz doan ibilbide demokratikoa abiatu eta bide horretan urrats determinanteak eman ditzan erdiestea baizik.

Euskal Sozialismoaren eraikuntza prozesu historikoa dela kontuan izanik, etengabe jardun behar dugu baldintza material eta ideologikoak lantzen, E egun baten zain gelditu gabe. Bide horretan, eta bizi dugun testuinguruan, jendarte justu, berdinzale, iraunkor, feminista eta euskaldun baten alde egin dezakegun inbertsio politikorik emankorrena Euskal Errepublikara eramango gaituen dinamika autoeratzailean sakontzea da.

Hori dela eta, burujabetza prozesuaren hezurmamitzea da hain zuzen ponentzia honen lehen aztergaia.

Sorturen praxia eta borroka kultura

Euskal Herria bidegurutzean dago. Globalizazio neoliberala prekarizazio iraunkor eta mugarik gabekoa inposatzen ari da. Espainia eta Frantzia, nazioarteko eragile nagusiekin erabat lerratuta, globalizazio neoliberalaren bultzatzaile eta tresna dira une berean. Ukazioa eta subordinazioa, Estatuongandik ezin dugu besterik espero, ez baitute herrien nortasuna eta burujabetza aitortzeko inolako asmorik. Bide honek ezberdintasunak areagotuko ditu, askatasunak gehiago murriztu eta bizi eta lan baldintzak gehiago makurrarazi.

Badago beste biderik. Hamarkadetako borrokak ireki du eta globalizazio alternatiboak bultzatzeko saioetan kokatzen da. Beste mundu bat posible delakoan, Euskal Herrian ere beste zibilizazio baterako trantsizioa egin nahi dugu. Gure zerumuga ez da tsunami neoliberalak suntsitu ez duenari heltzea. Ez gaude iraganari begira. Gure zerumuga beste zibilizazio bat eraikitzea da. Gure herriaren taupadak bat egiten du mundu osoan zehar alternatibak eraikitzeko borrokan ari diren herrien taupadekin. Tsunami neoliberalari aurre egiteko plan bat behar du herri orok, egitasmo partekatu bat, eta gurea Euskal Errepublika demokratikoki eta behetik gora eraikitzea da.

Ia 60 urteko mobilizazio eta borroka ziklo oparoaren hondarrean argi dugu ezinbestekoa dela bestelako logika, diskurtso eta jardueren araberako ziklo berria irekitzea. Mobilizazio ziklo berria, aurreko zikloaren uzta baliatuz, eta agortutako ereduak gaindituz eta berriak sortuz urratu behar da. Akats estrategiko larria litzateke bidegurutze honen erronkari agortutako tresna, oinarri eta formulen bidez aurre egin dakiokeela pentsatzea, honaino ekarri gaituen bidea errefusatzea bezain larria. Ibilbidearen onenaren balioztapena batetik, eta birziklapena eta berrikuntza bestetik, hauek dira gakoak. Bazter dezagun azaleko sendotasun teoriko autoerreferentea eta jar dezagun erdigunean eraldaketarako gaitasuna, malgutasuna irmotasunaren ezinbesteko osagai eginez. Horretarako, bizi dugun errealitatea aztertzeko gaitasuna eta gure teorizazio prospektiboaren zentraltasuna berreskuratu behar ditugu behingoz. Izan ere, ongi dago beste esperientziak aztertu eta baliogarri zaiguna inspirazio gisa hartzea, baina gure bidea geuk marraztu behar dugu.

Bide berri honi ekiteko geure buruak berrasmatu behar ditugu. Hauxe da ezker abertzalearen birfundazioa galdegiten duen testuinguru historikoa. Borroka kultura berri batek blaitutako ezker abertzale indartsu eta bateratua funtsezkoa izango da aurrerabideak jorratzeko.

Bi dira berrikuntza horren oinarrizko osagaiak. Batetik, erresistentzia nortasuna gainditu eta egitasmo nortasunerako jauzia egin behar du ezker abertzaleak. Honek ez du esan nahi erresistentziaren beharra agortu denik, joera nagusiaz ari gara. Biziraupenerako baldintzak sortzea izan da agortzen ari den zikloaren ekarpen historiko nagusia. Baina behin helburu hori beteta, erronka berriak ditugu aurrez aurre. Honek iraultza sakon eta zorrotza eskatzen digu gure ikuspegietan, gure diskurtsoan, gure jardueretan eta gure antolakuntza ereduan. Aro berriaren erronka ez da protestatzea edo neurri kaltegarriei erantzutea, beste jendarte bat eraikitzea baizik. Eta honek eraikuntza eta eraldaketa indartzea eskatzen du derrigorrez.

Bestetik, jite abangoardistak baztertu eta lidertza demokratikoan oinarrituriko praktika politikoan trebatu behar du ezker abertzaleak. Artzain-artaldearen paradigma alboratu egin behar da, ondorio guztiekin. Artzain izateko tentaldi orori bidea itxi behar zaio, eta, aldi berean, ardi izateari ere utzi behar diogu. Honek errotutako inertzia asko haustea eskatzen digu. Ezker abertzaleak argi izan behar du, beraz, bere betebeharra ez dela estrategia herriaren ordez pentsatu eta gauzatzea. Herriari eta herri-eragileei dagokie hori, gu parte garelarik. Guri eztabaidak irekitzea, proposamenak egitea, ekimenak sustatzea dagokigu, elkarrizketa eta sorkuntza kolektiboari bide ematen saiatuz beti ere. Horrenbestez, ponentzia honen helburua ez da dena zehaztea, bidea argitzeko oinarri sendoak proposatzea baizik.

Sortuk garatu beharreko praxi eraldatzailea, borroka kultura eta antolakuntza eredua ditu bigarren aztergai esku artean duzun ponentzia honek.

Ponentziari buruz

Bost puntutan laburbil genezake ponentzia honek izan nahi duen irismena:

  1. Fase politikoaren definizio ahalik eta zehatzena eman, egungo eta epe ertaineko lehentasunak finkatuz.

  2. Mobilizazio ziklo berria suspertzeko gakoak eta agenda aurreratu, datozen 5-10 urteetako ibilbidea eta praktika politiko-soziala marraztuz.

  3. Proposamen eta diskurtso independentista berritu.

  4. Sorturen praxia eraldatu, kultura eta praktika politiko berria gauzatzeko antolakuntza eredua definituz.

  5. Euskal teoria eraldatzailearen berrikuspenerako ekarpena egin.

Birfundazio Prozesuaren ezaugarriei jarraiki, ponentzia honek ez du eztabaida endogamiko bat sustatu nahi. Aitzitik, erabakimena prozesuan akreditatutako ezker abertzaleko oinarriek izango badute ere, eztabaida publikoa da egin nahi dena, burujabetzaren aldeko herri-sektore anitzei gogoetarako gonbidapena luzatuz. Bi xede talde nagusi ditu beraz ponentzia honek:

  1. Ezker abertzalearen oinarri zabala. Ezkerreko independentista, abertzale eta euskaltzaleen komunitatea.

  2. Burujabetzaren aldeko herri-sektore eraldatzaileak. Herrigintzaren espresio ezberdinetan diharduten sektore anitzak.

Hori kontutan izanik, honako ezaugarri hauek biltzen dituen ponentzia eredua osatzen saiatu gara:

  • Ildo politiko orokorrari dagokiona. Ponentzia honek ez du agenda sektorialik garatzeko asmorik.

  • Izaera praktikoa duena, eguneroko jarduerarako tresna erabilgarria izateko bokazioz.

Honako hauek dira ponentzia honen atalak:

  1. Oinarri ideologikoak: Sorturen izaera, baloreak, erronka eta funtzioak. Atal hau txertatzearen zergaiti nagusia honakoa da: ospatuko den kongresua Birfundazio Kongresua denez gero, Sorturen estatutuak berriztu behar dira. Estatutuen artikulatuaren gaineko eztabaida teknikoegia eta luzeegia litzatekeenez, atal honetan estatutuak idazteko baliatuko diren oinarri ideologikoak jasotzen dira, eta hirugarren atalean, berriz, oinarri organizatiboak. Ponentzia hau onartuz gero, oinarri hauen gainean egingo den itzulpen juridikoa ere ontzat ematen da, estatutuak Kongresuan berretsiko direlarik.

  2. Ildo politikoa: Burujabetza prozesuaren definizioa eta Sorturen praxi politikoa. Lehen eta hirugarren atalak, batez ere, Sortun bilduko den oinarri militanteari begirakoak dira. Bigarren atal honekin ordea, aurrez esan bezala, ezker abertzalearen oinarri sozialaz haratagoko herri-sektoreei ere luzatzen diegu gogoetarako gonbidapena. Hori dela eta, idazkera ezberdina baliatu da.

  3. Eredu organizatiboa: Sorturen printzipio eta egitura organizatiboak. Hirugarren atal honetan marrazten den eredu organizatiboa aldaketa-prozesu gradual eta dinamiko baten ondorio izango da nahitaez, azken batean kultura organizatibo oso bat aldatzeaz ari baikara, eta hori ez baitago gauetik goizera egiterik. Bestalde, Sorturen eredu organizatiboa EH Bilduk eta EH Baik etorkizunean izango duten konfigurazioaren hipotesi baten gainean definitu da. Eta horrela behar duela deritzogu; hau da, Sortu, gaur eta baita biharko egunean ere, aliantza estrategikoak diren EH Bildu eta EH Bairekiko osagarritasunean definitu beharko da eredu organizatiboari dagokionez. Konferentzia Politikoaren eta bestelako bitartekoen bidez, EH Bildu eta EH Bai berrantolatzen doazen heinean, posible da Sortuk bere antolaketa ereduan birmoldaketak egin behar izatea. Guztiarekin, Sortu berriaren eraikuntza prozesu gisa ulertu behar dugu, Kongresu honetan abiatu eta datozen urteetan garatzen joango garena.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.