BLOGAK


Pello Otxandiano

Herrigintza Idazkaria

AURREKO SARRERAK


Pintzel fina ateratzeko garaia

Urtea hastearekin hamarraldia estreinatu dugu. Prospekzio askoren arabera XXI. mendeko hamarraldi hau krisi-hari ezberdinen eztanda garaia izan daiteke. Zibilizazio krisia aipatzen da, eta ez dut uste terminoa debaldekoa denik.

Oasitik gogoeta batzuk

Oasi batean nagoen sentsazioarekin –hau ote euskal oasia deritzoten hori?–, “Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresuaren atsedenaldian ari naiz artikulu hau amaitzen. Besteak beste, pentsamendu soziala, gogoeta etikoak, kooperatibismoa, eta kultura, nazioa eta estatuarekin lotutako gaiak izan dira mahai gainean.

Oasitik gogoeta batzuk

2019-12-14

Oasi batean nagoen sentsazioarekin –hau ote euskal oasia deritzoten hori?–, “Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresuaren atsedenaldian ari naiz artikulu hau amaitzen. Besteak beste, pentsamendu soziala, gogoeta etikoak, kooperatibismoa, eta kultura, nazioa eta estatuarekin lotutako gaiak izan dira mahai gainean.

Nahikoa litzateke geure politikagintza Joxe Azurmendiren pentsamenduak ematen dizkigun zimenduen gainean eraikitzen hasiko bagina gaurtik hasita.

Ikasteko gogoz etorri naiz eta, batez ere, arnasberrituta bueltatzen naiz etxera. Pozgarria da garai berriotan Azurmendiren pentsamendua erreferentzia izatea jende askorentzat.

Eztabaida publikoaren mailak kezkatzen nau aspaldion, politikagintza inarrosten duen zinismoak eta moralkeriak. Sarek EHUko Gasteizko campusean asteon antolatu hitzaldia azken adibide. Ez omen etikoa Jose Ramon Lopez de Abetxukok, zeinak preso eman dituen 31 urteetatik azken hamarrak gaixotasun larri batekin pasa dituen, preso gaixoen egoerari buruzko hitzaldi bat ematea. Zentzu askotan da larria inkisizioaren garaien antz handiegia duen giro hau –Vocentok “ETA pisa la universidad” lerroburua atera du asteon–. Esango nuke euskal abertzaleok –bateko zein besteko, ezberdintasun askoren gainetik Euskal Herria buru-bihotzetan dugunok– tentu handiz aztertu beharko genukeela errelatoaren bataila deitu den honetan, mozkin azkarren peskizan, zein puntutaraino ez ote garen Espainia ultrakatolikoaren dogma gaiztoenak geureratzen ari. Pentsatu nahi dut kongresuaren irekieran Joxe Azurmendi itsasargia dela aldarrikatu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusia ados egongo dela horrekin.

Noan beste leku batera: Fito Rodriguez eta Josu Txapartegik liburua kaleratu dute Durangoko Azokaren bueltan, “Eskola publikoa” deiturikoa. Egungo eskola publikoak asetzen ez gaituela esan eta ikastolen mugimenduaren eta sare publikoaren arteko elkarlana galdegin dute eskola publiko burujabe baten alde. Steilasek eskola publikoari eraso egin izana eta Auzitegi Nazionalarekin parekatu izana leporatu dio Fitori. Honek gaurko eskola publikoa Espainiako sistema konstituzionalaren baitakoa –eta beraz, menpekoa– dela baino esan ez duenean, eta publikoa litzatekeen euskal eskola berri baten alde baino egin ez duenean; eta inolaz ere ez duenean auzitan jarri sare publikoko eskoletan egiten den herrigintza lana. Hezkuntza sistemaren kolapsoaren atarian gaudelarik, ez ote gara gai diagnostiko komun bat egin eta helburu partekatuen alde indarrak batzeko?

“Pedagogia independentista” kontzeptua modan jarri da independentismo militantean. Ez dela behar beste egiten, konfrontazioa eskatzen duela eta borroka moldeen eztabaida jarri behar dela erdigunean. Baina, ze pedagogia independentista egin behar dugu herri-eraikuntzan oinarrizkoak diren gaien inguruan –hezkuntza kasu honetan– soseguz eztabaidatu eta gutxieneko adostasun sozialak eraikitzeko gai ez bagara ezta ezkerreko independentista deklaratuak garenok ere? Duela urte batzuk elkarrizketa batean anekdota bat irakurri nion Joxeri euskaldunok gauzak pentsatu aurretik egiteko dugun joeraz: nora mugitu behar zuen galdetu aurretik harritzarra bizkar gainean hartu zuen zegamarrarena. Joxeren belaunaldiak egin zuen sakontasunez ez bada ere, hartu al dugu patxadarik euskal egitasmoa krisi-aro honetan nola eta nondik bideratu pentsatzeko?

Joseba Sarrionandiak itxi zuen kongresua. Ostiralean izan zen hori, beraz artikulu hau idazterako ezin jakin zer esan zuen. Baina horrelako zerbait esan ahalko lukeelakoan nago: lapur banden etika eta politika gehiegi eta herrigintza gutxiegi. Xabier Barandiaranek abertzaleok lankidetza paradigma partekatu bat eraiki behar dugula defendatu zuen bigarren egunean. Nahikoa litzateke geure politikagintza Joxe Azurmendiren pentsamenduak ematen dizkigun zimenduen gainean eraikitzen hasiko bagina gaurtik hasita.

* Gaur8n argitaratua.

Egileak