BLOGAK


Pello Otxandiano

Herrigintza Idazkaria

AURREKO SARRERAK


Poli(s)tika erreskatatu (I)

Igande honetako hauteskundeak igarota eta uztailaren 17an Herri Elkargoko lehendakaria hautatuta, hauteskunde ziklo oso bat itxiko da Euskal Herrian.

Biziraupenak

Ez dakigu datozen hiru hilabeteetan zer pasako den baina beharturik gaude herri hau hamar urte barru irudikatzera

Kulturgintza krisialdian

2020-04-22

Atzoko eta gaurko egunez greba digitala egin dute kulturgileek: “Entzun gaitzazuen isilduko gara”. Kulturgileen eta, oro har, euskal kultur ekosistemaren egoera prekarioaz ohartazi dute beste behin, oraingo honetan luzaroan ikusi gabeko elkarlanaren bidez.

Gure egitasmo emantzipatzailean zein leku eman/aitortzen diogu kulturari? Has gaitezen autokritika egitetik: sarri funtsezko galdera horrek ez du erantzun argirik izan. Are, erantzun sendo baten faltan, arte sorkuntza apaingarri gisa baliatu dugu gehiegitan.

COVID-19ak sortutako krisialdi ekonomikoak gogor kolpatuko du lehendik prekarioa zen kultur ekosistema. Ez dirudi lehendik ere sektore ekonomiko gisa aintzatesten ez zen kultur industria agenda politikoaren lehen lerroetan egongo denik krisiari aurre egiteko programa ekonomikoei buruz eztabaidatuko denean.

Azken urteetan alarmak piztu dira. Siadecok egindako azterketaren emaitzak euskal kulturgintzaren egoeraren argazki esanguratsua jarri zuen mahai gainean. Kontsumoari buruzko azterketa da, kultur praktiken atal bat agertzen du, baina garrantzia handikoa dena. Kulturaren industriak geroz eta pisu handiagoa baitu gure bizitzetan eta ondorioz kulturaren beraren bilakaeran. Josu Amezagak Jakin aldizkarian idatzitako artikulu honetan azterketa horren argitara egindako analisia aurkituko duzue: shorturl.at/bgrs7.

Gainean dugun krisialdi honi gehitu datozen aldaketa izugarriak, batez ere digitalizazioaren eskutik. Gaurdaino sozializazio mekanismo sendoenak izan direnak ahultzeaz batera (familia, eskola eta abar), eragile berriek baldintzatuko dute kultur ekosistema oro (tartean plataforma teknologiko handiak), gehiago gurea bezalako kultura minorizatuen kasuan. Sozializazio eragileak eta kontsumo modalidadeak aldatzeaz batera, kultur globalizazioan jauzi berri bat datorrela aurreikus daiteke.

Krisialdietan akordatzen da kulturaz ezkerra. ZPren kanpaina datorkit gogora. Halako diskurtso progre onberak agertzen dira, azalekoak beti eta kasu askotan oportunistak ere bai. Ezin da gure kasua izan. Jendartearen emantzipazioa eta Euskal Herri askea helburu duen indar soziopolitikoa gara. Zera definitzea dagokigu: gure egitasmo emantzipatzailean zein leku eman/aitortzen diogu kulturari? Has gaitezen autokritika egitetik: sarri funtsezko galdera horrek ez du erantzun argirik izan. Are, erantzun sendo baten faltan, arte sorkuntza apaingarri gisa baliatu dugu gehiegitan.

Esan gabe doa kultura ongizatearen arlo oso garrantzitsua dela, entretenimendurako bainoago pertsonaren garapenerako bitartekotzat dugula. Egitasmo emantzipatzaile orok herritar kultuak hezteko ardura eta betebeharra du. Informazioa irentsi beharrean hausnartzeko gai izango direnak, euren erabakien jabe, sortzaileak, iritzia adierazteko beldurrik gabeak, entzuteko begirunea adieraziko dutenak. Egungo kultur ereduak baztertu eta kultur eredu burujabe baten eraikuntzak erdigunekoa behar du geure egitasmo politikoan: ikuskizunaren kultura gaindituko duena, herritarren zein komunitatearen nortasunaren eraikuntzan eragina izango duena. Herritar burujaberik gabe ez baitago Euskal Herri burujaberik. Euskal komunitaterik gabe, komunikazio-espazio afektibo eta sinboliko trinkorik gabe, ez baitago euskal estaturik.

Gaur, Ximun Fuchs-ek sarritan adierazi duenez, gure historia kontatzeko makinaria artistikoa ahula eta isila da. Ez dugu herritar bezala geure historiaz jabetzeko arterik, edo gutxi, eta, ondorioz, ez gara existitzen. Ez dugu aukera sendorik komunitate gisa identifikatzeko, haserretzeko, pentsatzeko, pozteko, irakurketa sentsible bat adierazteko. Bere historia kontatzen ez duen herria ez da existitzen.

Eta hala da, egun, ekosistema osasuntsu baten falta dugulako. Kultura kontsumitu dadin eragin behar duen ekosistema ahula da, eta are gehiago ahulduko da krisialdi honen eraginez eta digitalizazioak dakartzan aldaketen ondorioz. Kultur industriari eta komunikazio sistemari dagokienez, kultur ekosistemaren funtsezko atal bi horietan, astinaldi handi baten atarian gaude.

Kulturgileek piztu dute alarma: Botilak zuloa du, ura galtzen ari da.

Egileak