ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Marixol Iparragirreren estradizioaz

2019-09-04

Marixol Iparragirrek Frantziar Estatuan ezarritako 20 urteko zigorra bete du eta espainiar autoritateei entregatu diete orain. Azken urteetan estradizio eta euroagindu eskari ezberdinak egin dituzte hauek.

Marixol Iparragirreren bakearekiko konpromisoa berretsi zen berriz ere 2018anETAren amaierari ahotsa eta aurpegia jarri zionean.

Urteetan zehar bere pertsonarengan eraikitako estigma ezin da gauetik goizera desegin eta komunikabideek urteetan zehar poliziak zein instantzia politiko-judizialek egindako filtrazioei ohiartzuna ematen jarraitzen dute. Errelato horrekin badirudi euskal preso politiko honentzat aukera bakarra kondena berriak eta betiereko espetxealdia direla.

Alta, komunikabide horiek ez dute ezertxo ere esan duela 8 urte ekindako bake prozesua sustatzeko eta azken 50 urteetan Euskal Herritan bizi izan dugun gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko azken urteetan Marixol Iparragirrek egin duen ekarpenaz.

Hitz bakar bat ere ez Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) zuzendaritzan egin duen lanaz. Berak jarri zion ahotsa 2013an presoen auziari konponbidea modu mailakatuan egiteko disposizioa azaldu zuen EPPKren erabakiari, norbanakoen konpromisoetan oinarrituta eta euren ekintzen erantzunkizun kolektiboa aitortuta. Behar besteko baldintzak eta bermeak beteko dituen prozesu adostu baten, preso bakoitzaren erantzukizuna aztertzeko borondatea ere azaldu zuen EPPK-k Iparragirreren ahotik.

Ezta hitz bakar bat ere “Batasuna, elkartasuna eta Herriarenganako lotura” dokumentuaren osaketan Marixolek betetako funtzioaz eta 2017an euskal preso politikoek egin zuten eztabaidaren inplementazioaz. Presoen %73 baino gehiagok onartu zuten txostena EPPK ziklo berrian kokatuz, euskal gizarte osoak jarraitu ahal izan duen dinamika berria sortuz eta bakearen zerbitzura jarriz.

Era berean, inork ez du aipatzen Iparragirreren aurkako akusazio gehienak, torturak salatu zituzten hirugarren pertsonen testigantzetan oinarrituta daudela, eta beraz, ez luketela inolako baliorik izan behar, torturak kutsatuta baitaude. Gizateriaren aurkako krimena da tortura.

Marixolek Salbuespeneko Auzitegi gisa sortutako Entzutegi Nazionalari egin beharko dio aurre: euskaldunak gerra jurisdikziopean epaitu dituena, salbuespeneko legeekin eta oraindik ere zigorrak gorenera altxatzen dituzten kode penalekin, erredentzio gabe eta bizi osorako kartzela zigorra bilatuz.

Guzti honen aurretik, arkitektura judizial eta politikoek euskal presoen espetxe denbora ezarritako zigorretik harago luzatzea lortu zuten (Parot Doktrina); ondoren Europar Batasuneko beste Estatuetan betetako kondenen batuketaz Europaren erabaki markoaren transposizio iruzurtia egin zuten. Egoera honek 50 lagun baino gehiagoren espetxealdia sine die luzatzen jarraitzen du kondena bikoitzetara kondenatuz eta Frantziako zigorra bete ostean berriz ere zerotik hastera behartuz. Hau da Marixolen kasua. 20 urteko zigorra bete ondoren, Estatu Espainiarra berriz ere dozenaka urteko espetxe zigorra ezartzeko lurra prestatzen ari da.

Marixol Iparragirreren bakearekiko konpromisoa berretsi zen berriz ere 2018an, Josu Urrutikoetxearekin batera -duela gutxi espetxeratutako presoa hau ere, urteetan estigmatizatua Marixol bezala- ETAren amaierari ahotsa eta aurpegia jarri zionean, honen behin betiko desegitea eta enfrentamendu politiko-militarraren desagerpena ziurtatuz.

Estatu Espainiarrak Josu eta Marixolentzat kondena bikoitzak bilatuz bake prozesua behin betiko lurperatzea beste xederik ez du. Hala, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizunaren itxaropena eta aukera desagerrarazi nahi dute. ETAren amaiera garaile eta garaituekin izenpetzeko helburua dute benetako baketik urrunduz eta bortizkeria gatazkaren ekuazio politikotik inoiz ez desagertzeko asmo iluna erakusten du.

MARIXOL ETXERA!